Gugandik fisikoki desagertu zen artistak, ordea, gurekin segituko du, bere obrak dirauen bitartean. Halaxe da. Julio Galarta Bengoari nagokio, Arrasatek emandako artistarik bikainena.
Beste modu batez egin nahiko nuen gaurko aipamena, Julioren ohiko irribarreak gidatua. Ezintasunean, nire hitzak umezurtz bezala korritzen ari dira bata bestearen atzean, bihurguneren batean ostera lagunarekin topo egingo dudan esperantza urrunean.
Baina badakit ezetz, ez dela gure arteko solasaldi adoregarria errepikatuko eta bere oroitzapen eta artearekin konformatuko naiz.
Julio Galartari eskainitako erakusketa bat inauguratuko da datorren ostiralean Kulturaten. Ahalegin handia egin dute antolatzaileek aurkezpen duina osatzeko. Eta lortu dutelakoan nago. Eskerrik asko, denei. Galartak arte legatu zoragarria utzi digu eta, ene ustez, arrasatear margolariaren ekarpena bere dimentsioan ezagutzea lagun liezagukeen egitasmo zabalago baten hasiera izan beharko luke erakusketa honek.