Ikasleak ziren, ikasle gaztetxo ugari, eguneko betebeharretara patinetez zihoazenak. Ikuskizun bitxi hark zenbait gogoetarako aukera eman zidan, eta horietako batek nire haurtzarora eraman ninduen.
Hain zuzen ere, Arrasateko biatoristen ikastetxean ari gineneko denborak ziren, eta Aretxabaletatik ikaskide batzuk zetozkigun egunero, bizikletaz. Gogoan dauzkat, euria eta eguraldi kaxkarraren kontrako kapa luze haietan babesturik, bi herriak bereizten zituzten lau kilometroak gaindituz. Pedalez pedal atera zituzten aurrera ikasketak.
Almeneko gaztetxoek irribarre gazi-gozoa lorarazi zidaten, tramankulu toleskorrari seriotasun osoz zangoen indarrarekin abiadura ematen zioten bitartean. Diferentzia bat dago bi aldietako kasuen artean: nire ikaskideek behartuta erabiltzen zuten bizikleta; oraingo neska-mutiko horiei, ordea, modak ekarri die patinetea. Dena den, niri orain bezala, ziur nago berrogeita urte barru eurek ere oroituko dituztela nostalgiaz oraingo joan-etorriak.