Debekuaren aurrean, demokraziaren bidea

Erabiltzailearen aurpegia Joxemiel Uribarren 2014ko aza. 22a, 00:00

Katalunian azaroaren 9an gauzatutakoagatik inbidia sentitzen dut, inbidia sanoa, geuretzako nahiko nukeenarengatik inbidia.

Gizarte antolatutik sortutako indarrak, alderdi politikoen eta horien buruzagien konpromisoa... Kataluniako herriak bere gogoa askatasunez eta demokratikoki adierazteko aukera izan dezan bat hartu duten osagaiak.

Alderdien artean, bi baiezkoen aldeko apustu garbia egin dutenak batzuk (Bai/Bai), Kataluniak duen herri izaera aitortuz, bere etorkizunaren erabateko jabe izateko duen eskubidearen aldeko hautua ezbairik gabe egin dutenak. Erabakitzeko eskubidearen bitartez, independentziaren aldeko hautua.

Beste batzuk, independentziaren alde egin gabe, erabakitzeko eskubidearen aldarria egin dutenak, kontsultaren alde azalduz.

Horien guztien aurrean, berriz, demokraziari ezetz esan diotenak, erabakitzeko eskubidea ukatu dutenak, beraien burua Espainiako hiritar huts eta ez beste ezer sentituz, hala sentitzen ez direnen eskubide demokratikoa hutsaren parekotzat hartzen dutenak. 

Betiko Espainia Bakar, Handi eta Hautsezinaren mendekoak.

Hautetsontzietan 2.305.290 boto pilatu dira, antolatzaileen aurreikuspen baikorrenak ere galanki gaindituz. Kontrakoen amesgaiztoenak ere txiki utziz.

Igandean kataluniarrek gizalegezko lezioa eskaini ziguten. Baita ilusiozkoa, eta indarrezkoa ere bai.

Eta guztiaren erantzule eta aitzindari, Mas president-a, hain gordin kritikatua izan dena: batzuentzat sinesgarritasunik ezagatik, beste batzuen ustetan irtenbiderik gabeko bideari egin diolako. Batzuentzat epelegia, besteentzat ausartegia. Espainolentzat, iseka eta irainaren aitzakia.

Argi dago liderrak zentzuzkoa behar duela izan, herritarren batasuna lortzeko gai, eta Mas-ek ezaugarri horiek dituela egiaztatu du, Kataluniako herritarrek emandako aginduari behar bezala erantzunez. Jendaurrean, eta bereziki Madrilgo gobernuaren aurrean, guztiaren erantzule bezala agertu zuen bere burua, igandean gauzatutako ariketa demokratikoaren errudun, etorkizunean Kataluniak hartuko duen ibilbidearen arduradun: "Errudunen bila badabiltza, hemen neu eta neure gobernua", esan zuen.

Katalunian gertatzen ari denaren lekuko izanik, gu ere Espainia hautsezinari aurre egiteko gai izango garela espero dut, horretarako herriaren eskuetan utziz erabaki demokratikoa. 

Behingoz elkarrekin jardun beharra dugula sinetsi behar dugu, hamarkadetako atzerapena gaindituz, behin betikoz bide politiko eta erabat demokratikoa geureganatuz, eta gutxieneko elkarrekiko begirunea ikasiz.

----------

Joxe Miel Uribarren Azpiazu

(EAJren GBBko kidea)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak