... Adibiderik errazena atez atekoarekin gertatu dena da. Batetik, guk konpromisoa hartu genuen: errauskailua ez eraikitzekoa. Hori lortu ahal izateko birziklapena handitu behar genuen. Horretara bideratu ditugu gure hondakin politikak. Herritarren ahalegina eguneroko bizimoduan eskatu dugu, eta horretan zailtasunak topatu ditugu. Jendea Gipuzkoa ekologiko baten alde dago, baina bizimodua gehiegi aldatu gabe. Baina kontuan hartuta herritarrek esaten digutena".
Hasier Arraizen, Sorturen presidentearen, hitzak dira. Pasa den astean, martxoaren 12an, ZuZeu aldizkarian agertzen den elkarrizketan "Gipuzkoan aldaketa soziala. Nahia eta ezina?" galderari erantzuteko. Azken zatian dena esaten du. "Kontuan hartuta herritarrek esaten digutena" Aretxabaletako Bilduko zinegotzientzat ezer ez esatea bezala da. Ez da alkate jaunarentzat edo zinegotzientzat aintzakotzat hartzekoa. Beharbada, ezagutu ere ez dituzte egingo Bildukoentzat gidari den Sorturen presidenteak esandakoak, eurentzat horixe besterik ez baitira, elkarrizketa batean esandako hitz hutsak!
Aretxabaletako Bilduren adierazpenen zakarkeria, dena nahastuz, gaikako bilketa, birziklapena, finantzazioa, derrigortasuna, galdeketak... ez da arrazoirik ez duen zerbait arrazoitzeko saiakera bat besterik: herritarren gehiengoak nahi ez duena; hau da, atez atekoa jartzeko hartu duten erabakiaren zuritzea.
Herritarrei denetik agindu ondoren, azkenean, orain, argi eta garbi esaten dute; euren ustez, betebehar eta eginkizunak zeintzuk diren erakutsiko diete. Hori bai, eskubide hori murriztu ondoren, hau da, euren iritzia libre eta demokratikoki azaltzeko eskubidea murriztu ondoren.
Bi mila eurotaz hitz egiten duzue, eta bitartean, aldebakartasunez erabakitzen enpresei ia hamabost milioi euroko indemnizazioa ordaintzea ezer ez egiteagatik, dena geratzeagatik. Edo hezkuntzan eta osasunean murrizketak ematen ari direla, aritzen zarete EAJk sortu eta eraiki duen giza eredua zuek zeuok sortua balitz bezala.
Eusko Jaurlaritza, legealdi ezberdinetan, EAJren lehendakari abertzalearen gidaritzapean, gizarte politiken aitzindaria izan da. Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI), osasun zerbitzuak orokortzean. Edo 0 eta 3 urte arteko haurrak eskolaratzean. Eta zuek zarete osasunari eta hezkuntzari buruz ari zaretenak?
Bilduren bazkideetako baten iritzia jakin nahiko genuke, Eusko Alkartasuna, bera izan baitzen PIGRUGaren bultzatzaileetako bat, errauskailua barne. Badirudi udaletxe batean edo bestean buruhausteren bat sortu diola ezker abertzalearekiko desadostasun honek Bildu taldeari.
Gutxienez, entzun ditzatela euren presidente Arraizek esaten dituen mezuak. Herria entzun eta errespetatzeari dagokionez, behintzat.
----------
Joxemiel Uribarren Azpiazu
(Aretxabaletko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarraren izenean)
Aretxabaleta