Martxoaren 6an agentziatik deitu ziguten lehen bidaiagatik eta martxoaren 12an bigarrenagatik, eta erabaki genuen bidaiak bertan behera uztea eta aurrerakinak itzultzea, eta ez genuela "bonurik" edo antzekorik nahi.
Martxoaren 14an – pandemia–, agentzia itxi zuten. Maiatzaren 2tik aurrera dendak irekitzen hasi ziren, baina Ecuador-Arrasate ez zen ireki eta ezin izan genuen agentziarekin harremanetan jarri.
Ekainean, Ecuador-Madrilgo telefono batzuk lortu genituen eta gure kasua Ecuador-Gasteizera pasatzen zutela esan ziguten. Gasteiztik deitu ziguten eta gure koordenatuak eta bidaien erreferentziak eskatu zizkiguten. Handik egun gutxira, kasua Ecuador-Bilbora pasatzen ari zirela esan ziguten.
Bilbotik uztailean jarri ziren gurekin harremanetan eta berriro eskatu zizkiguten koordenatuak eta erreferentziak, eta posta elektroniko batzuk trukatzen hasi ginen. Uztailaren 15ean jaso genuen lehen posta elektronikoa: "Dirua itzultzeko erreklamazioak irekiko ditugu". Uztailaren 29an, "pazientzia eta itzulketa 35-45 egun atzeratzeko" eskatu ziguten. Beraz, abuztua igarotzen utzi genuen, eta irailaren 10ean esan ziguten: "Berrikusia, OK-aren zain"; irailaren 28an: "Berrikusita, onartzeke".
Kontua da gaur egun, eta zazpi hilabete baino gehiago igaro ondoren, diru-itzulketa jaso gabe jarraitzen dugula. Gure haserrea erakutsi behar dugula uste dugu...
----------
Joxe Mari Ortubay Arana
Arrasate