Emakumeen borroka batez ere beste fronte batzuetatik garatu bazen ere, izan ziren milizian borrokatu zirenak ere: Clara Moran, Isabel Birichinaga (batailetan hilik), Belgikatik eta beste hainbat lekutatik etorritako brigadistak, Intxortan borrokatu ziren Molaren tropak garaitzen lagunduz. Kaxilda Hernaez, Esther Zilberbeg Estoucha eta beste asko, aldiz, Euskal Herriko beste leku batzuetan borrokatu ziren.
2015eko apirilaren 19an gudariei eta gerratik bizirik ateratako milizianoei eginiko errekonozimendu hunkigarriaren ondoren, aurten, emakume errepresaliatu eta erresistenteak omenduko ditugu Elgetan.
Emakumeen errealitatea esparru ezberdinetan zein izan zen irudikatu nahi dugu: milizianoak, laguntza zerbitzuetan aritu zirenak, erretagoardian erizain lanetan aritu zirenak, lubakiak eraikitzen lan egin zutenak, espetxeratuak, fusilatuak, frontean edota bonbardaketetan hildakoak, zaurituak, erreportariak, erbesteratuak, deportatuak, kaskamotz utzi zituztenak, bortxatuak izan zirenak...
Gertakari haien lekuko izan zen kolektibo honez gainera, diktadura frankistaren aurka borrokatu ziren emakume guztiak omendu nahi ditugu hurrengo igandean Elgetan –lantegietan "lan bera soldata bera" aldarrikatzen zutenak, feminismoaren alde borrokatu zirenak, martxoaren 3a, torturatuak izan zirenak...–. Gure helburua Intxortak beste errealitate hau aldarrikatzea da, emakume erresistenteen errealitatea, alegia. Askotan isilaraziak izan diren emakume hauek protagonista eta aldaketaren eragile gisa aurkeztu eta irudikatu nahi ditugu hainbat borrokaldiren ikurra den Intxortan. Euren testigantza, estrategia eta ekarpenak errekonozitu nahi ditugu.
Pilar, Teresa, Felisa, Trini, Amaia… milaka emakume ordezkatzen dituzten 40 emakume omenduko ditugu. Bizirik daudenak bertan izango dira, eta, hilik daudenen kasuan, euren senideren batek jasoko du Iñigo Arregik egindako Egiaren iturria eskultura.
Ekitaldia eguerdiko ordu batean izango da Elgetako plazan.
----------
Julia Monge
(Intxorta 1937 kultur elkartea)
Arrasate