"Istoriotxo bat..."

Erabiltzailearen aurpegia Juan Mari Okina 2012ko abe. 14a, 01:00

Langabezian bi urte zeramatzan lagun bati gertatu zitzaion.

Laidako hondartzan zegoen; itsas ertzean paseoan zihoala itsasgora hasi zen. Berarekin paseoan zebilen bere bi urteko umea eskutik hartu eta arin abiatu ziren toallarantz. Itsasgora euren atzetik azkar zihoala, hondartzan baten batek utzitako motxila ikusi zuen nire lagunak. Alde batera eta bestera begiratu, eta jabea agertzen ez zenez, motxila busti baino lehenago, berarekin eramatea erabaki zuen. Motxila leku seguru baten utzi eta bere mutikoarekin hondarretan jolastera joan zen. Ordu erdira, atzerritarra ematen zuen gizon bat agertu, lurretik motxila jaso eta leku guztietara begiratu zuen, motxila hor nork demontre utzi ote zuen bere buruari galdetuz. Neure lagunak umearekin jolasten jarraitu zuen, bere barrenean poztasun anonimo batekin.

Hortik sei hilabetera, eta desesperantzak nahiko jota zegoela, nire lagunak lanpostu baten eskaera jaso zuen. Bizkaian, multinazional batek lantegi bat eraiki eta 300 lanpostu sortuko zituen. Poz-pozik nire lagunak lanari ekin zion. Aspaldiko partez, lehen argi izpiak ikusten hasi zen.

Lan berrian bi aste zeramatzala, lan jardunaldia bukatu eta autorantz zihoala, bere ondotik ezaguna egin zitzaion gizon gorbatadun bat pasa zen. Jakin-minak jota bere lankide bati galdetu zion:

–Eta gizon hori nor da?

–Gizon hori Marcus da, lantegiaren jabea. Esan didatenez, zalantza asko zeuzkan lantegi berria hemen zabaltzeko asmoaz, baina, azken momentuan, bat-batean iritziz aldatu, eta hemengo jendearengan konfiantza handia zuen argudioaz, 300 lanpostu berri sortu dituen lantegia jarri du.

Neure lagunak ez zuen ezer esan. Baina segituan konturatu zen Laidan bere motxila uretan ia galdu zuen gizona zela Marcus.

Ikasketa interesgarria iruditu zitzaidan; trukean ezer itxaron gabe, besteez apur bat gehiago arduratuz gero, akaso guztiok gizarte moduan gehiago irabaziko genuke. Ondo izan!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak