Enpresako balioak

Gizarteak balioekiko duen atxikimendua asko arduratzeko modukoa da. Izan ere, elkarbizitza izango badugu, balioen baitako antolakuntza beharrezkoa dugula pentsatzen dut. 

Orain dela gutxi, bere nagusigopean langileak dituen enpresari batek zioen "ilusioa, konpromisoa eta ongi egindako lanarekiko maitasuna" zirela beretzat "betiko balioak". Ez daukat zalantzarik ondo funtzionatu nahi duen lantegi baten ikuspegitik oinarrizko jarduera balioak direla horiek.

Hori irakurrita, aspaldian buruan bueltaka dabilkidan galdera bat bururatu zitzaidan, enpresako antolakuntzan "elkartasuna, justizia, demokrazia eta berdintasuna" eta halako balioek lekurik ba ote duten; izan ere, maitasun handiz, ilusioz eta konpromisoz egindako lanak etekin ekonomikoa du helburu, azken batean, baita zerbitzuak ematen dituzten enpresak beraiek ere.

Enpresa bateko etekinak zenbat eta hobeak izan, orduan eta soldata hobeak banatuko direla espero daiteke. Hori horrela gertatzen bada ere, banatzeko geratzen den irabazien jabetasuna noren esku geratzen da? Izan ere, fondoa, erreserbetan jarri edo inbertsioetan sartu, norbaiten jabetzan geratzen da. Enpresariak hori gaizki joanez gero ezer gabe geratzeko arriskua ere berea dela esango du. Horrela ote da? Eta bertako langileak ez al dira geratzen, ba, kale gorrian?

Enpresari hark adierazten zituen "betiko balioek" aplikazioa izateko beste oinarri batekin garatutako enpresa antolakuntza behar dela esango nuke. Oinarrizko balio horiek elkartasuna, justizia, demokrazia eta berdintasuna lirateke, horietan oinarritutako funtzionamendu batean "betiko balioak", "ilusioa, konpromisoa eta ongi egindako lanarekiko maitasuna", aplikagarriagoak lirateke. Horrela, betiko balioekiko sor daitezkeen zalantzak justifikatzea zailagoa litzateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak