Izan ere utopiaren oinarrian da aurrean duzun gizartea gogoko ez izan eta, hala, gizakiak gustuko izango duen gizarte berria sortzea. Eraldaketa, alegia. Utopikoak ziren kooperatibak sortuz ondasunak hobeto banatzearren aritu ziren langileak, ikastoletako lehen andereño eta gurasoak, giza eskubideen defendatzaileak, euskara taldeetan doan lan egin eta lehen herri-aldizkarien sortzaileak, dantzak irakatsi zituztenak. Biba zuek! Utopikoak, idealistak, ameslariak, ekintzaileak, euskara mihian beti daramazuenak, igoera eskatzen ari zareten pentsiodunak, etorkinei harrera egin eta otordu solidarioen emaileak, Palestinaz negar egiten duzuenak… badakizue, aitzinatzeko bide makurra hautatu duzue. Hala esan zioten behin Luis Pedro Peña Santiagori: "Ez zaitez idealista izan, ez baitzaituzte bakean utziko". Ez etsi, behar zaituztegu.