Bai, kanpoko langile eta bizikide berriak beharko ditugu, eta euskal mundura erakarri. Oñatin euskal munduratzea ez da, akaso, beste toki batzuetan bezain zaila izango, baina euren integraziorako asko leunduko luke herritik kanpo jaiotakoak bertakoagotzat hartzea: izan ere, Oñatitik kanpo jaiotakoak kanpotarrak omen gara –hala esan zait zenbaitetan–. Txantxetan, bertako esaera batek badio bertako izateko hainbat urtez behar dela bertan bizi, oñatieraz egin eta gogoan ez dudan besterik bete: nekeza New Yorken Englishman izatea, edo Alex Txikon Azpeitiko plazan.
Azkena Arantzazuko elkartean gertatu zen. Estimuan ditudan lagun oñatiarrekin solastu ginen kanpoan jaiotako bi kide euskaldun. Irtetean, gaia azaldu eta hala esan zigun, irribarrez, oñatiarretako batek: "Zuek beti izango zarete kanpotarrak; kanpotarrak, baina jatorrak!". Eskerrak.