Euskal mendizaletasunaren urtemugan, nire mendizale iraganera begira hainbat kontu datozkit gogora: zeruan diz-diz dagiten sokalagunak, zidorretan izandako berbaldiak, eguzki zein lainopean, elur, harri, orbel, belar eta lokatzetan zuzendutako pausoak eta begi ninietatik iragazitako ostadarraren mila koloreak.
Baina zer da niretzat mendia? Bat dagit Luis Pedro Peña Santiago handiak definitu zuenarekin: "Mendia ez da bakarrik bakardadea; are gutxiago, Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berarekin egiten dugu topo. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak... Ez da gauza gehiegi? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako". Geu gara mendia!