Ez zuen bizitza errazik izan; 9 urterekin geratu zen aitaren umezurtz, eta, ondoren, familia osoak, amonak eta bi semeek lanean aritu behar izan zuten aurrera egitearren: gerraosteko urte gorriak ziren. Hil eta bi egunera hileta izan genuen, eta sermoian apaizak osabari buruz hitz batzuk bota zituen –aurretik beilatokian galdera batzuk eginak zizkigun–.
Apaizak birritan kokatu zuen osaba pertsona arrunten artean: "Bizitza arrunta izan zuen, herri berean jaio, herri berean bizi eta herri berean hil". Haren bizitzan deus berezirik ez balitz bezala. Arruntak ere badira senideak, lagunak eta herriko bizilagunak, goizero lanera doazen langileak, arratsaldez bulegoa garbitzen dutenak, arruntak herriko saltzaileak, okinak, osasun langileak, irakasleak, arruntak liburuzainak, suhiltzaileak, postariak eta modelistak.
Bai, modelistak ere bai, osaba bezala; arruntak denak, baina ezinbestekoak.