Espainolez jakin ez eta nahita luzatzen zion leihatilako langileak txartela erostearen denbora, haren euskal elebakartasunez aurpegira trufa egin artean.
1999an, Zuberoako kantariak minez adierazi zigun, etxeko sukaldean egindako elkarrizketan, ez zuela haboro ogia üskaraz erosterik: frantsesa nagusitua zen-eta auzoko boulangerie-n.
Azken asteotan ataka are estuagoan jarri nahi gaituzte mailukadaz epaile espainiarrek: Irungo udaltzain, Barakaldoko Kultur Etxeko langile edo Donostiako Uliazpi Zentroko begirale erdaldun berriek libre lukete lanean euskaraz ez egitea. Asimetrian bizi gara: ondoko bidea zabal-zabala badugu, darabilgun espaloia are estuago ari zaigun egiten.
Argi azaldu zuen egoera Olatz Zugastik 2015eko Joko arauan kantan: Mintzaira arrotzean, edo berdin zurean, ez duzu erabaki ahal, zurea ez den joko arauan. Eta ez, joko eta mintzaira horiek ezin dira gureak izan.