Eta gogora datozkit senideengandik agurtu gabe hildako gaixoak, bozina joz egunero ogia eta umeentzat flauta goxoa dakartzan okina, indar guztiak eta bizitza eman duten osasun-langileak, bizilagunen txaloak eta Egoitzek tronpetaz piztutako haurren urtemuga gazi-gozoak, zahar-etxeetan itxialdi bikoitza bizitako adinekoak, etxe-kartzelan sentitu diren umeak, telelana eta haur-zaintza bateraezinak direla halabeharrez ikasi duten gurasoak, eta etorkizun iluneko langileak, lana galdu baitute egunotan. Antsietatez gaixoak, Agurtzane eta Jasonerekin hartu gabeko kafeak, musukorik gabe bagoi jendetsuetan lanera joan behar izandako langileak eta eman gabeko musu eta besarkadak, egiten genuen moduan, goxotasunean, berotasunean, normaltasunean. Itoizek hala zioen kanta batean, denborak sendatzen du dena... agian ez.