Haizea ari du

Eta nola gainera! Kataluniako prozesu independentistak zer hausnartua ematen jarraitzen du eta iazko Irailaren 27ko Hauteskunde erabakigarrietatik hona, irrintziek urraturiko eztarriarekin, nagusitu zaizkidan sentimenduak zuekin partekatzera natorkizue.

- Lotsa. Erraiak kiskali dizkidana: Euskal Herriko militante independentista, sozialista eta feminista batzuek, modu publikoan eta lau haizeetara, CUP nola epaitu eta zigortu duten ikusteak sortu didana. Iraultzaileok, atzerriko mugimendu iraultzaile orori, iraultzaile diren artean, errespetua zor diegu. Atzo, gaur eta beti. Errespetua zor diegu ez perfektuak direlako; Iraultza perfekturik ez da existitzen, Mugimendu Iraultzaile perfekturik ezta ere, Militante iraultzaile perfekturik are gutxiago. Nahikoa da norbere burua aztertzea gutako bakoitzaren hutsuneez jabetzeko.

Politikoki menperaturik egonik, kapitalismoa eta patriarkatuaren menpe jarraitzen dugun bitartean, kontraesanez eta hutsunez beterik egongo gara eta askapen borroka oro, akats eta lorpenen segida bat besterik ez da izango. Ez daukagu beraz inongo zilegitasunik CUPen aurka doilorkeriaz aritzeko. Atzerriko mugimendu iraultzaileei zuzentzean ezin dugu inoiz bisturia erabili. Adierazpen askatasunaren ariketa okerra egin dela deritzot, Internazionalistoi ez dagokigulako atzerriko mugimendu iraultzaileen barne eztabaidetan muturra sartzea, beraien borroka da, beraien lurra eta beraien erabakia.

- Poza. Autonomia estatutu, Parlamentu autonomiko eta Lehendakaritzak, Estatu inperialistentzako, Herriak menpean izan eta asimilatzeko tresna garrantzitsuenetarikoak dira. Makiavelok 1513. urteaz geroztik ondo daki hori. Menderakuntza gainditu eta Herri bezala garatzeko, egitura instituzional propioak sortzea bezain garrantzitsuak dira hortaz, Estatuei dituztenak kentzea, Lenin, Gebara, eta abarrek ondo dakiten bezala.

2015eko azaroaren 9an, Kataluniako independentismoak, sakonki antidemokratikoa den Espainiako Monarkia Parlamentarioari, Kataluniako Parlamentu autonomikoa atzaparretatik kendu zion. Are gehiago, momentu honetan eta indar independentisten arteko akordio berriaren ondorioz, Kataluniako parlamentua eta “Generalitat”-a ez dira Espainiar batasuna bermatzeko tresnak, ez daude atzerriko botere politiko eta judizialaren esanetara, ez dira Espainiaren morroi. Espainiar faxismoak inposaturiko instituzio autonomikoak tresna independentistetan bihurtu dituzte alajaina!

Honen guztiaren aurrean, Espainiaren indar politiko militar guztia antzua agertzen ari da, momentuz ez dira prozesu independentista desartikulatzeko gai izan. Aro politiko berri honetan, bide baketsu eta demokratikoak erabiltzeak Etsaiari ezintasunak sortzen dizkiola nabarmena da.

Inperioari gainera ez zaizkio buruhausteak amaitu: Hurrengo 18 hilabeteetan, lurralde oso bat galtzeko arrisku bizian dago, buruhaustea beraz Estatuhaustean bihurtzeko bidean da. Independentzia, sistema ekonomikoa eraldatu eta patriarkatua ezabatzeko baldintza hobeagoak sortzen dituen tresna boteretsua dela sinetsita gaude, horrek suposatzen duen guztiarekin. Internazionalismoa ahaztu gabe, baldintzak sortzea da: sozialismoa, feminismoa eta euskalduntzea errealitate bihurtuko dituzten baldintzak sortzea alegia.

Amaitzeko, inkoherentzia eta kontraesanez betetako ene txikitasunetik, besarkada erraldoia bidali nahi diet CUPeko militante guzti guztiei, bejondeizuela, Historia idazten ari zarete!

La victòria és nostra! Visca els Països Catalans Lliures!

----------

Julen Mendizabal Elezkano

(Osnyko kartzela, Frantzia)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak