Irailaren 27an haizea egingo du

Aurtengo Gudari Egunean, Katalunian haizea egingo du, askatasun haizea.

40 urte beteko dira espainiar faxismoak FRAP erakundeko hiru kide ETAko bi kiderekin batera fusilatu zituenetik. 40 urte, Juan Paredes Manot Txiki, ETAko militantea, Katalunian bertan, Collserolako mendilerroko hilerriaren alboan guardia zibilek fusilatu zutela. 

Extremadurar jatorrizko zarauztarrak, 21 urterekin, Eusko gudariak abestuz, zutik euskaraz egin zien bere hiltzaileei, damurik agertu eta barkamenik eskatu gabe, heriotzaren aurrean harro, lasai eta duin, bere senideei idatzi bezala, askatasun haize bihurtuz.

Lau hamarkada geroago, katalan guztiak ez, baina asko hautestontzietara deituak dira. Hauteskunde hauek ez dira aukeratzeko izango, hauteskunde hauetan erabakitzera doaz; ea pitzatu diegun sistema politiko, ekonomiko eta sozial espainiarrarekin hondoratu edo prozesu era(lda)tzaileari ekin, ea Txiki erail zuten faxismo berberaren menpe jarraitu ala duela hiru mende indarkeriaz galdu zuten burujabetza berreskuratu, ea hizkuntza, kultura eta nortasuna suntsitu nahi dietenen azpian segi edo egunero ebasten dieten askatasuna erdietsi… desobedientzia, aldebakartasuna eta erabakitzeko eskubidearen ariketa baketsu eta demokratikoa, alegia.

Irailaren 27an, haize erauntsi bat bezala, Collserolako mendilerrotik irrintzi ozena hedatuko da. Bai, 40 urte luze ondoren Txiki da berriro, eta independentistok, izan feminista, ezkertiar, ekologista, euskaltzale, demokrata, internazionalista edota abertzale, irrintziari irrintzika erantzungo diogu; espetxeetatik, sasitik eta baita kaleetatik ere. Irrintziak euskal mendi eta Kantauri itsasotik, bai edo bai herri aske batean zoriontsu bizitzeko borrokatzen garenok, Kataluniako herriari, gure kuraia eta samurtasun osoa eskaintzeko.

La victòria és nostra! Visca els Països Catalans Lliures!

----------

Julen Mendizabal Elezkano

(Osnyko kartzela, Frantzia)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak