"Pedro Garcia joan zaigu"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Martin Elexpuru 2013ko mai. 15a, 02:00

Bergarako Udaletik deia oraintsu.

Pedro Garcia Estevez Pedrotxo herritarra hil dela Grenoblen. Bere hango lagunek ikurrin bat eskatu dutela hiletarako. Berehala bidali dutela posta azkarrez. Hunkituta utzi ninduen berriak, aspalditik ezagutzen baikenuen elkar. 

Oso gizon estimatua zen Pedro zebilen tokian. Jakin dugunez, jendetza handia bildu zen azken agurra egitera. Bera ezagututa, bandera gorria eta errepublikanoa ere agerian izango ziren egun horretan.

Aita asturiarra eta ama Medina del Campokoa. San Antonion jaio zen 1920an. Hamalau urterekin hasi zen lanean. Aibar-Txikirenean errekaduak egiten. 16 urte zituela irten zuen gerrak, eta berehala batu zen UHPko milizietara. 

(Hurrengo datuak Juan Ramon Garairi sor dizkiot. Bide batez, txalo memoriaren alorrean hainbeste lan egiten ari den Intxorta Taldeari). Lehen lerroan ibili zen iparraldeko fronteak iraun zuen bitartean Intxortan, Maroton (Legutio), Artxandan eta Santander aldean. Preso hartu, eta faxisten ejertzitoan borrokatzera behartu zuten. Bala batek atzamarra eraman zion. Gerra amaitu arren, soldadu eduki zuten beste hiru urtez. Tuberkulosiak jota itzuli zen etxera 1942an.

Gerra ostean alderdi komunistan militatzen hasi zen. Josuren Gabilondo Baxarte, gerran Loiola Batailoi jeltzalean ibilitakoa, izango du adiskide min eta erkide harrezkero. JSU gazte erakundea antolatu zuten. 100 kide izatera heldu ei zen Bergaran. 1947ko greba orokorra prestatzen ere jardun zuen. Klandestinitatean  luzaroan ibili ondoren, Frantziara ihes egin zuen 1948an. 

Grenoblen bizi zen. CGT sindikatuko ordezkaria izan zen lan egiten zuen enpresan. 2008an omenaldi txiki bat egin zien Bergarako Udalak Pedrotxori eta Josuren Gabilondoren alargunari.

Gizon irekia, jantzia, maitagarria, alaia, berriketan eta kantuan egitea maite zuena. Agur eta ohore, Pedrotxo. Doluminak Amaia eta Paloma alabei eta arreba Puritari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak