"San Juan eguneko gau magikua"

Erabiltzailearen aurpegia

Gauza jakina da errito eta sinismen paganuak...

... bereganatu zittuala kristautasunak. Udako solstiziua (egun luzeena, gau motzena) San Juan egun bihurtu zeban.

Bezperan ipini izan da arbolia San Juan ermitten aurrian. Harrapautakua izan bihar Aretxabaletan, hola kontatzen dau Ahotsak-eko lekuko batek: "San Juan bizperie be izeten zan oso inportantia, oso inportantia. Eta oin ekarten daue egunez-eta txopua-ta, ezta. Baiña han zan merittua basarri baten hartzia txopua eurak enterau barik, eta kalera ekarri basarrittarrak jakin barik". Elorrixon Donienatxa esaten jako, "Donibane aretxa"-tik etorriko da. Berba horretan gorde da fosilizatuta Donibane  berbia ('Domine Ivan') gure inguruan.

23ko gabian Sanjuan-suak. Sutara, traste zaharrez gain, gauza jakinak botatzen die zenbait lekutan, aurreko urteko lore-sortai, "lora-santuak": errudia, apixua... Eta ezin falta kantak. Aldaera asko izaten dittue, baina hemen doiaz batzuk:

"Artuak eta garixak gorde/ subiak eta zapuak erre/ biba San Juan berde!!" (Deba Ibarrian). Zenbaitetan, "lapurrak eta sorgiñak erre".

"San Juen, San Juen!/ Arrautza bi kolkuen,/ beste bi altzuen./ Subiak eta zapuak eta txar guztiak Erre! Erre!/Artuak eta garixak eta gauza on guztiak Gorde! Gorde!/ Biba San Juen!" (Elorrixo aldian).

"Igaz ere Sain Juan, Sain Juan zan eta/ aurten ere Sain Juan Bautista/ Jesukristoren lehengusua zan Sain Juan Sain Juan Bautista/ Hau da egia dana guztia, konsolatutzeko Euskal Herria!"  (Aretxabaleta).

Etxia babesteko, elorri zurixa josten zan atian. Edo lizar adarra. Goizeko ihintzetan moztutako garua botatzen zan etxe aurrian. Eta 24ko egunsentixan ihintzetan ibilaldi bat egin ezkero, osasuna urte osuan.

Eta lora-sortia ezin ahaztu. Aurten Bergarako San Juanen leihaketia antolatu dabe, zeiñek lora-sorta polittaua eruan. Politta eta... tokatzen dien lora eta landarekin. Ez dogu pistarik emongo.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.