Bada, Ezker Anitza-IU ez dago ados epai horrekin, inposizio hutsa delako eta PPren Gobernuaren ordezkari Carlos Urquijoren inpultsu politiko bat delako.
Eskoriatzan soluzioa behar duten gai ugari daude, eta Ezker Anitza-IUk uste du horiek direla herritarren interesekoak: pertsona asko langabezian (269), etxegabetze-mehatxu bat baino gehiago, zerbitzu publikoetako murrizketen eragina osasun eta hezkuntza alorretako kalitatean, gure herriarentzat etorkizun bat bilatzea garapen-bide berriak zabalduta... Gai horiek kezkatzen gaituzte egunero-egunero. Udaletxeko balkoian Espainiako bandera edo ikurrina egotea ez zegoen lehentasun horien artean, gai horri irtenbidea topatu zitzaion-eta aurretik. Bere egunean erabaki zen bandera guztiak kentzea udaletxeko balkoitik, eta egun berezietan bakarrik jartzea; ekaineko jaietan, adibidez. Horrela, lortu da 30 urtean liskarrik ez egotea Eskoriatzako herritarren artean banderen kontuagatik.
Ezker Anitza-IUren ustez, PPren eta haren ordezkariaren jokaera guztiz arduragabea izan da gai horretan. Soluzio bat zegoen, eta arazo bat sortu dute. Ez dira konturatzen herriak bere egiten ez dituen sinboloek zatiketa sortzen dutela eta inposizio moduan hartzen direla. Bandera bat inposatzeak –kasu honetan espainola– ez du esan nahi propio moduan hartzen denik.
Ezker Anitza-IUkoontzat, Espainiako Estatuaren gaur egungo bandera ez da gurea. Legezkotasun errepublikanoren aurka altxatu zirenen bandera da. Diktadura frankistaren eta erregimen haren oinordeko monarkiaren bandera da. Ezker Anitza-IUk ez du "banderen gerran" parte hartuko, Eskoriatzarentzat lehentasunezkoak diren beste gai batzuk bigarren mailan geratuko liratekeelako. Eta oportunismo politikoa erabili duenaren inposizioa guztiz gaitzesten dugu; mota horretako neurriekin gauza bakarra lortu gura du hark: Espainiako eskuin osoaren espazio elektorala hartzea.
Eskoriatzak ez du gura Espainiako Gobernuaren ordezkaria hona etortzea amorrua sortzera, herritarrengan guztiz normalizatua zegoen gai baten gainean. Horregatik, eskatzen dugu gure herriari ezarritako kanpo inposizioek ez dezatela liskarra eta banaketa ekarri. Gure esku dago; horren alde egingo du Ezker Anitza-IUk.
----------
Juan luis Merino
(Eskoriatzako Ezker Anitza-IUko zinegotzia)
Eskoriatza