Duela 30 urte %22 ziren; horrela jarraitzen badugu, 20 urte barru %70 euskalduna izango da. Baina kaleko erabilera %12,6 da, duela hamar urte baino puntu bat gutxiago. Adin tarte guztietan ari da erabilera jaisten, gainera. Beste datu kezkagarri bat da lehen aldiz Gipuzkoan ere jaitsi egin dela. Gipuzkoak zuen erabilera onena 2016an, alde nabarmenarekin (%31,1), baina 2011tik %1,5 jaitsi da; Oñatin %65 inguruan dago kale erabilera.
Ezagutza gora eta erabilera behera? Lotsatu egiten gara euskara erabiltzen? Oporretan Jacan eta Donostian izan naiz eta kalean ia euskara gehiago entzuten zen Jacan, Donostian baino, eta Donostian euskara dakitenen kopurua handia da. Zer egin behar dugu? Nire proposamena hauxe litzateke: bakoitzak bere buruari galdetzea zer egin dezakeen bere inguruan erabilera hobetzeko eta erantzuna aplikatzen hastea.
Ez ahaztu Joxean Arzek esan zuena: “Hizkuntza bat ez da galduko ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik".