Ulertzekoa da jubilatuak edo adinagatik erretirora hurbiltzen ari direnak arduratuta egotea, pentsio sistemaren gain entzuten den informazioagatik: sistema erortzen ari dela, pentsio sistemaren Erreserba Kutxa husten doala eta egunak kontatuta dituela, sistemak diru sarrerak baino irteerak gehiago dituela, erretiratu kopurua gorantz doala eta langile aktiboak ez duela igotzen neurri berean, eta abar.
Horrela izango da? Egia dena da sistemaren diru sarrerak langile aktiboengandik datozela, eta gaurko langabeziaren mailak ez du larregi laguntzen. Beste aldetik, bizi itxaropena goraka doa, eta hori nahi dugu! Ikusi besterik ez daukagu gure inguruan zenbat pertsonak betetzen duen 100 urte; lehen, bakarren batek.
Politikariek, azken urte hauetan, asko hitz egiten dute gai honen inguruan, eta, normala denez, hartu beharko dituzte neurriren batzuk egoera zuzentzeko, denborak ez du-eta zuzenduko. Bien bitartean, ulertezina da Pentsio Sistemak ekonomia urte onetan sortu zuen Erreserba Kutxa gastatzen joatea gizarte-segurantzak dituen beste zulo batzuk tapatzeko. Erreserba Kutxa hori izugarri jaitsi da, heren batera azken bost urteetan, eta azken berriek aurreikusten dute datorren urteko abenduaren aurretik kutxa hutsik geratuko dela. Eta orduan zer? Zerbait egin beharko dute eta berandu baino lehen hobeto; bestela, gure kezkek hor jarraituko dute.