Ikusten dugu, ume pila bat batetik bestera korrika kaletan eta herriko plazetan jolasean, egun batzuk aurrez eskola ordutegia egun erdira murriztuta eta kaleak eta plazak zarataz eta alaitasunez betetzen dira.
Kaletako terrazak ere betetzen dira; iluntzeko orduak luzatzen dira eguzkiak beranduago arte irauten duelako eta umeak oporrak hasi dituztelako; pintxo-pote egunetan baten batek etxetik kalera botatzen gaituela dirudi; aldi baterako, negu guztian jarraitu dugun futbolarekin ahazten hasten gara; txirrindularitzako itzuli handiak hasten dira eta bazkalondoak horrekin betetzen ditugu; asteburu guztietan kale edo auzo bateko jaiak agertzen dira, eta herri gehienak ere euren jai nagusiak ospatzen dituzte, sanjuanak, sanpedroak, e.a.; nahiz ez egon ikusteko merezi duen gauza asko, telebistak ere bere programazioa aldatzen du. Ematen du bizitza ziklo bat amaitzen dela eta atseden bat hartzen dugula ziklo berri baten pentsatzeko.
Aurten, urtea apur bat desberdina izango da. Gure politikarien trebetasun txikiagatik, hauteskunde berezi batzuekin aurkituko gara, inoiz ezagutu ez dugun kanpaina luzeko hauteskundeak, ia urtebeteko kanpaina. Benetan ez dakit zertarako, baina hor daude.
Baina aitor dezagun ilusio garaia dela eta ez hauteskundeagatik. Seguru asko, sortzen duen ilusio horrengatik, nire hurbileko lagun batek behin eta berriz Gabon jaiak pasa ondoren errepikatzen duen bezala, “aurki sanjuanak”.