Ilusioa bere hasieran luzea ikusten genuen hilabetea. Lana utzi genuen, agian, oporretan konponduko ziren lan batzuk egin gabe utzita. Baina uste baino azkarrago iritsi da iraila.
Eta sasoi berri bat hasiko den sentsazioarekin gaude berriz: eskolara itzulera, irakasle berria nor izango den eta ikaskideak ikusteko gogoz; futbol ligaren hasiera, aurten gainera Eibar sartu dela eta nahiz eta nafarrak kanpoan gelditu, berriz sartuko diren gogoz; telebista kate guztiak programazioan aldaketa handiak iragartzen dituzte, benetan handiak izango den zalantzarekin; formazio proiektuak jartzen ditugu martxan, joan den urtean Gabonetan estresagatik bertan behera utzitakoak; udan hartutako kiloak kentzeko dieta hasteko proposamena egiten dugu; gimnasia egiteko erabakia hartzen dugu; laneko lehen egunean konturatzen naiz oporrak hartu aurretik egin gabe utzitako lanak ez direla bakarrik egin, are gehiago, astunagoak bihurtu direla; oporretan kreditu txartelarekin egin ditudan gastuen erreziboak iristen dira, eta uste baino gehiago gastatu dudala konturatzen naiz...
Badirudi sasoi berria hasten dela, bai. Pazientzia, oñatiarrondako jaiz betetako hilabetea da-eta iraila. Urriaren bigarren astean helduko da benetan negua.