"Bigarren mailako herritarrak?"

Erabiltzailearen aurpegia

Egunotan prentsan irakurri dugunez, Bilduk Donostian –Udala gobernatzen du han– hartu-emanak hasi ditu...

... gainerako alderdi politikoekin, eta haiei proposatu die birziklatze-maila %60ra igotzea.

Proposamen horren oinarrian ez dago zabor-batze sistema konkreturik, eta, hortaz, sistema guztiei zabalik dago. Alderdi guztiak ados daude proposamenarekin, eta, horren harira, aurrera egitea erabaki dute; eta Bilduk dio hartu-emanak "oso positiboak" izaten ari direla.

Bergara Garbia Herri Plataformakook gure buruari galdetzen diogu, harrituta, ea Donostiako Bilduk ez dakien bosgarren edukiontziak arazo kantzerigenoak ekar ditzakeela, hura izango balitz aukeratutakoa. Ala sinetsi egiten dute Alduntzin jaunak esandakoa, "errauskailua ez dela txarra berez"? Ala badakite Holanda, Alemania, Austria, Belgika, Danimarka eta Suedia bezalako munduko herrialde aurreratu eta konprometituenek ekologiarekin eta ingurumenarekin zer egiten duten?

Bada, harriduraz ikusten dugu Bergarako Bilduk hori guztia kontuan hartzen ez duela eta atez atekoa inposatzen digula! Gure alkateak ez du uste Donostiarako eta Europarako ona dena bergararrendako ere ona izan daitekeela? Ala alkateak, agian, bigarren mailako herritar moduan hartzen gaitu, eta, hortaz, atez atekoaren zigorra merezi dugula? 

Donostian zergatik uste dute "oso egokia" dela %60 birziklatzea, inolako aurre-baldintza barik, eta hemen, berriz, hasieratik exijitzen zaio %80koa (gero %70era murriztua) atez atekoa ez den edozein metodori?

Erantzunak nahi ditugu, alkate jauna. 4.691 sinatzaileok eta zabor-poltsekin –gehienak, zuk gobernatzen duzun herrikoak– protestatzen dugunok erantzunak exijitzen ditugu. Ez zaizkigu interesatzen atarteetako pantomimak, populismo mozorrotua eta berba hutsala. Zer da hori? Atez atekoaren beste modalitate bat? 

Bergararrek uste dutena benetan jakin nahi baduzu, Bergara Garbia Herri Plataformakook aspalditik eskatzen ari garen eta behin eta berriz zure aurkaritza izan duen herri-kontsulta egin ezazu. 

Oso erraza da. Herri-kontsulta orain!

--------------------

Josu Leturia

(Bergara Garbia Herri Plataforma)

Bergara

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.