Plastikoa horrenbeste erabilita ito egingo dugula bizia duen oro. Arrainetatik hasita, arraina elikagai duten gizaki eta animaliak… Ikasleak eta haien aurretik arazo honen aurrean ikertzaile izan diren biologo, ekologista eta kezkatzen ari garen hiritarrak. Mundua guk aurkitu dugun bezala edo, ahal bada, hobeto uzteko asmoa dugunok ere ikusten dugu arriskua.
Garapen bidean dauden hainbat herrialderi bisita egiteko aukera izan dut aurreko urteetan, eta han kalean ikusten da arazoa. Edozein izkinatan plastiko poltsak pilatuta, haizeak zokoratu dituela. Garbi dago herrialde horietan ez dutela aukerarik bildu eta berrerabiltzeko. Azpiegiturak ez dauden tokietan beste lehentasun batzuk izaten dituzte: ur zikina, eta abar. Arazo handia da, eta potoloa, eta, lurraren beroketarekin batera, kezkatzeko modukoa. Iruditzen zait nazioen arteko akordioren bat, itunen bat edo interbentzioren bat izan beharko litzatekeela lehenbailehen.
Baina, bien bitartean, ez gaitezen lotan gelditu ezer egin gabe, eta guk ere egin dezagun zerbait. Hasteko, hezkuntzan ardura dutenek eta curriculumak egiteko lana dutenek programatu ditzatela prebentziorako gaiak, haurrak eta gaztetxoak mentalizatzen joan daitezen. Azalera handiko merkatuek saltzeko sistema alda dezatela, horrenbeste plastiko ez erabiltzeko. Lege batzuk atera ditzatela plastikoaren erabilera gutxitu ahal izateko. Eta gu geu ere, zu zeu, irakurle, alegia, eta neronek barne, gogoan izan dezagula arazoa eta plastiko gutxiago erabili. Zero plastiko kontsumitu arte. Animo!