"Profesionaltasuna + bokazioa"

Erabiltzailearen aurpegia Joxan Larrañaga 2013ko api. 12a, 02:00

Hara, konbinazio ezin hobea pertsonekin, pertsonen artean lan egiten dutenentzat.

Ez baita gauza bera, eta batak ez du zertan bestea ekarri. Profesional ona izateko, berdin da zein arlotan, egin behar duen lana ondo menderatzea eta ikasia edukitzea eskatzen zaio pertsonari.

Neuk izandako esperientzia kontatuko dizuet osasun arloan ezagutu ditudan sendagile ezberdinekin. Orain urtebete lagun batekin tokatu zitzaidan ebakuntza baten ondorengo egunetan ospitale batean egotea. Ebakuntza egin aurretik etorri zitzaigun sendagileen taldeko nagusia ebakuntza nolakoa izango zen argibideak ematera. Oso ondo egon zen eta argi eta garbi esan zigun. Ebakuntza egin eta ondorengo egunetan etortzen zitzaizkigun sendagileen talde horretako beste sendagile batzuk, eta zenbat eta gazteago izan, orduan eta antipatikoago. Nola zihoan galdetu egin behar eta sakakortxorekin egiten den modura informazioa atera behar. Mesede bat eskatuko bazenu bezala. Normala al da?

Beste esperientzia zeharo desberdina izan dut amaren azkeneko egunetan izan duen atentzioa, arreta eta tratuarekin. Bere familiako sendagilea egunero, 15 egunez gutxienez, deitu goizean, etorri eguerdian eta berriro deitu ilunabarrean. Haren goxotasuna eta arreta; haren argibideak ama zaintzen genuenentzat; haren ardura zaintzaileen osasunagatik… Zerikusirik ez zeukan aurreko esperientziarekin. 

Hona profesionala izatearen eta bokazioa izatearen arteko desberdintasuna. Nahiz eta idazki hau ez batak eta ez besteak ez duten irakurriko, salatu nahiko nuke lehenengoaren jarrera eta txalotu eta, batez ere, eskertu bigarrenarena.

Nik uste dut denok, pertsonekin eta pertsonen artean lan egiten dugunok, berritu egin beharko genukeela noizean behin gure bokazioaren egoera eta maila eta adikortasuna eta begikotasuna berreskuratu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak