Momentuz, egin izan ditudan hanka-sartze guztiak konpondu izan ditut. Irtenbideak aurkitu edo neure buruari barkatu izan diot. Baina badut kezka bat: nire ikasleen artean akatsik ez egitea ohiko bihurtu da.
Hainbat gurasok –zorionez, gutxiengo batek– seme-alabek egiten dituzten akatsak kanpoko arrazoiei egozten dizkiete. Esate baterako, proba bat gainditu ez duen ikasle bat daukat, agendan ez omen zuen probarik data horretan. Hala ere, ziur dakit: ez zuen apuntatu. Kontrara, gurasoek diote eurekin partekatuta dudan egutegian ez agertzeagatik dela. Ikasleari argi utzi diote akatsik ez duela egin, egutegiak balio ofizialik ez duen arren. Horra, beste behin, neuk zuzendu beharko dut neure akatsa.
Ikasleari ahaztuko zaio berriro ere dataren bat, baina noski, han izango ditu gurasoak, berak akatsik egin ez duela gogorarazteko prest. Zoritxarrez, egiten ez den akatsik ezin da zuzendu.
