Horren aurrean, agintariek zergak murriztea ebatzi dute, jendeak erosi ahal izan dezan. Aldi berean, lehendik ahul zeuden zerbitzu publikoak, besteak beste, osasuna eta hezkuntza, itotzear dira. Hala, ezinegona nabarmena da arlo horietako langileen artean.
Bien bitartean, bitartekari eta negozio-buru handiek sekulako irabaziak poltsikoratu dituzte. Agintariei boza ematen dietenek, ostera, erosahalmena eta zergak txikitzea lehenesten dutela dirudi; hots, poltsiko propioa.
Alabaina, ez dira ohartzen halako neurriekin guztiona den aberastasun galanta ebasten digutela; oinarrizko zerbitzu duinak, alegia.
Halako politikak babesten dituztenek zilegi egiten dute aberatsak aberasteko neurriak ebaztea; eta, horrenbestez, aberatsenen alde, guztionak diren oinarrizko zerbitzuak ebastea.