Hala, 2015ean hiru milioi bisitari baino gehiago izan genituen, eta 2016. urteak hobea izateko itxura osoa dauka.
Gainera, turismoak eragin garrantzitsua du Gipuzkoako ekonomian, BPGaren %7,4 baita.
Hori dela eta, aberastasun-iturri garrantzitsua bilakatu da, bai Euskadirentzat eta Gipuzkoarentzat, bai Oñatirentzat.
Ildo horretatik, ezin da ahaztu gure udalerriak oso baliabide turistiko interesgarriak dauzkala kulturaren, gastronomiaren eta naturaren aldetik.
Baliabide-aniztasun hori izan arren, bisitariek geldialdi laburra baino ez dute egiten Oñatin, herriko merkataritzan eta ostalaritzan gastu turistiko larregirik egin gabe.
Gure herrian gaua edo eguna igarotzen duten bisitariek merkataritzan eta ostalaritzan eragin dezaten, ezinbestekoa da bertaratzen direnen bisitak –joan-etorriak– behar bezala kudeatzea.
Horretarako, ikus-entzunezko baliabideak eta seinaleztapen egokiak uztartzen dituzten ibilbide turistikoak diseinatu behar dira. Ibilbide horiekin, bisitariak errazago sartuko dira Oñatira, gure herriak eskainitako aukera turistikoez gozatuko dute, eta, garrantzitsuena, bisita horiek gastua egingo dute herriko merkataritzan eta ostalaritzan. Izan ere, turismo horrek dirua utziko du herrian.
Udal-kudeatzaileek hartu behar dute lidergoa, Oñatin turismoa errentagarria izan dadin eta jasangarria izan dadin. Nire iritzian, elkarlan publiko-pribatuak baino ez du lortuko Oñatiko saltokietan ibiliko diren bisitari andana ekartzea.
Hala gertatu dadin, beharrezkoa da kudeaketan eskumena duten erakundeen arteko elkarlana indartzea –Oñatiko Udala, Mankomunitatea, Aldundiko Turismo Zuzendaritza, Basquetour– eta kanal anitzeko sinergiak bilatzea –azoketara joatea, sare sozialetan egotea, promoziorako webguneetan agertzea…–. Era berean, garrantzitsua da Basquetourreko marketin-plana aintzat hartu, eta honako eragile hauen eskaintza konbinatzen duen produktu turistiko esperientziala diseinatzea: bidaia-agentziak, ostatuak, ostalaritza, Oñatiko Turismo Agentzia. Helburua, Euskadira heltzen diren bisitariak, gero eta zorrotzagoak eta nazioartekoagoak, Oñatira erakartzea da.
---------
Jon Kepa Gerrikagoitia
(EAJren zinegotzia Oñatiko Udalean)
Oñati