Bestelako Bergara eraikitzeko ideiak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Jesus Alberdi 2015ko api. 18a, 00:00

Bergarako Udalerako aurkezten garen EAJ-PNVren taldekideok eskerrak eman nahi dizkizuegu bergararroi, etxeetara bidali dugun parte hartze orriak izan duen arrakastagatik.

Eskerrik asko 350etik gora ekarpen jaso ditugulako. Zuen ekarpenei esker, Bestelako Bergara lortzeko, galdutako denbora berreskuratzeko jasoko ditugu ideiak. 

Ia gehienok hondakinen kudeaketan erabateko aldaketa eskatzen duzue, 5. edukiontzia aldarrikatuz. Gehienek kudeaketa eta gobernatzeko beste modu bat eskatzen duzue, inposaketatik erabat urrun, eta Donostian eta Arrasaten 5. edukiontzia zergatik bai eta Bergaran ez galdetzen duzue, eta Azkoitian eta Deban egindako kontsultak zergatik ukatu dituen hemen Bilduk.

Zuen kezka dira garbitasunik eza, pintadak, kaleen asfaltoaren egoera, argiteria eskasa zenbait lekutan, sasi eta landareen garbiketarik eza, txakurren hondakinak nonahi... Bergarar gehienon aldarrikapena da Bergara garbiago mantentzea eta propaganda gutxiago egitea.

Ekonomia eta langabezia: Udalak gehiago egin dezakeela aldarrikatzen duzue, enpresari, autonomo, merkatari eta hezkuntza zentroekin elkarlanean, baita Foru Administrazioarekin eta Jaurlaritzarekin, eta bat gatoz horretan; Udalak proaktiboa izan behar du Bergarako ekonomia sustatzeko. Aldarrikatzen duzuen Udalak Bergarako iragan arrakastatsua, egungo egoera gainditzea eta etorkizun hobea izan dezan asko egin dezake. 

Zuen hitzetan, lana sortzeari lehentasuna eman behar zaio, baina ez alderdikeria eta faboritismoko adjudikazioak eginez. Kezka handiz azaltzen duzue.

Gazteei dagokienez, faltan igartzen dituzue formazio ez akademikoa, lokalak eta gazteentzako ekintza bereziak. Gazteen partaidetza aldarrikatzen da Bergararen parte garrantzitsu bezala, eta ez arazo bezala, nahiz eta badagoen kexuren bat boteiloiaren eta gaueko ekintza konkretu batzuen inguruan.

Kezka nagusienetakoa mugikortasuna dugu, erdigunean eta auzoetan ere aparkalekuaren beharra aipatzen duzue behin eta berriz. Jende askok kanpora joateko joera daukalako, herrian bertan aparkatzeko dagoen arazoagatik. Arazo larria da hau eta orain 8 urte gure alderdiak parkinga egiteko proiektua bertan behera utzi zuen ezker abertzaleak. Arazoa areagotu egin da bergararrentzat, eta, batez ere, merkatarientzat. Parkinga egin beharra dago. 

Beste kezketako bat Udala modu profesionalagoan kudeatzeko beharra da; Gobernu eraginkorragoa behar dute, beste modu batera kudeatzea. Eta zer esanik ez auzo urbano eta landa auzoez; hauek kontuan hartzeko eskaerak ugariak dira.

Ekarpen hauek guztiak eta jasotzen ari garenak dira prestatzen ari garen eta datozen egunetan ezagutzera emango dugun programaren oinarri. 

Mila esker zuen ekarpenengatik eta jakizue zuen eskaerak jasotzen jarraituko dugula datozen egunetan eta agintaldian zehar.

----------

Juan Jesus Alberdi

(Bergarako EAJ-PNVren alkategaia)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak