Agintaldi bukaerakoa

Erabiltzailearen aurpegia Jaione Isazelaia 2015ko eka. 18a, 00:00

Agur esateko ordua iritsi zaigun honetan errepaso labur bat eta eskerrak emateko hitz batzuk esatea egokia iruditu zaigu.

Gogora ekarri nahi dugu 2011n zein testuingurutan sartu ginen egun EH Bildu osatzen dugun kideok Udal Gobernura. Orduko hauteskundeetan Ezker Abertzalearen zati garrantzitsu batek galarazita izan zuen parte hartzea eta, gauzak horrela, herrigintzako hainbat alorretan aritutako jendea aurkitu ginen lekukoa hartu beharrean. 2011ko emaitza arrakastatsuak jarri gintuen Bergarako Udalaren gidaritza hartzeko atakan. Gutariko gehienok politikagintzan inolako eskarmenturik zeukan taldea osatu arren, eta testuinguru ekonomikoak gure kudeaketa izugarri baldintzatu duen arren, agintaldiaren batez besteko balorazio positiboa egiten dugu.

Zeregin honetan aritzeak gure ibilbide pertsonala asko baldintzatu du, lan exigentea da Udalarena, ardura handikoa, baina, era berean, oso aberatsa. Gure ipar nagusia bergararron ongizatea hobetzea izan da, betiere, herritarron etorkizunari inolako hipotekarik erantsi gabe, eta hori zeregin hori aurrera eramateko herritarrak berak ezarritako balioetan oinarritu gara. Elkarrekin bergaratzen jardutea pribilegioa izan da, horretan ez daukagu zalantzarik. 

Hala ere, dena ez da izan pagotxa, ibilbide honetan hainbat sail behar den moduan ondu eta ureztatu barik geratu zaizkigu, lagunak, familia eta gure zaletasunak maiz alboratuta laga behar izan ditugu; izan ere, Udaleko lanak nekez uztartzen dira aurreko horiekin.

Gure ibilbide honetan bi ardatz nagusi izan ditugu, gure hauteskunde programa eta herritarrekin osatutako Plan Estrategikoa. Zailtasunak zailtasun, bi dokumentu honekin koherenteak izaten saiatu gara eta agindutakoa betetzen. Betetze mailaren batez bestekoarekin harro sentitzen gara, planifikatutako gehiena zintzo burutu dugulako.

Amaitzeko, eskerrak ematea baino ez zaigu falta, hasteko udal langileriari, bidelagun zintzo izan ditugulako; batzordeetan elkarlanean gure ondoan izan zareten udalkide nahiz herritar guztiei; gobernu bilera luzeetan magalean goxo egon zareten Telmo eta Xaneteri; herritar eta eragile guztioi, gurekin izan duzuen pazientzia eta konfiantzagatik; eskerrak bidelagun izan ditugun instituzio eta haien ordezkariei: Mankomunitatea, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiari; kazetari eta komunikabideei, esker bereziak, gure osoko bilkura amaigabeak jan dituzuelako; agintaldia gurekin hasi zuten Jesuxek eta Justinak egindako ahaleginak ere eskertu nahi ditugu.

Eta, nola ez, gure aurreko udal ordezkari guztiei eta ondorengoei ere eskerrak, udalgintza etengabeko eraikuntza-lana baita; aurrekoek egindakoaren gainean jardun dugu eraikitzen, era berean gure ondorengoek guk ezarritako oinarrietan eraikitzen jarrai dezaten. 

Eta ahalegin honetan maiz gure familia eta lagunei behar besteko arreta emateari utzi diogunez, eskerrak emateaz gain, esan nahi dizuegu maite zaituztegula.

Eta bukatzeko, esaerak dioena eskatuko dizuegu denoi: ondo eginak gogoratu eta gaizki eginak barkatu.

----------

Jaione Isazelaia

(Bergarako jarduneko alkatea)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak