Nik nire buruari galdera xume bat egiten diot: zergatik ospatzen dugu Homofobiaren Aurkako Eguna?
Homofobia ez litzateke existitu beharko.
Telebistan datu bat entzun nuen aurreko egunean.
Honela zioen: Euskal Herriko gazteen artean homofobia ez dago oso zabaldurik, euskal gazteen gehiengoa ez da homofoboa. Nola? Ezetz? Aspalditik erabiltzen diren hitzak, gay, maricón eta horrelakoak, asko erabiltzen dira, normaltasunez, gurean, baina, betiere, beste hitz bat izaten dute aurrean edo atzean: Puto maricón de mierda.
Homosexuala izatea pertsona desberdina izatea dela erakutsi digute haurrak ginenetik.
Ume txikiak garenean, kalean bikote heterosexual pila ikusten ditugu, pelikuletako bikoteak ere emakumezko batez eta gizonezko batez osatuak dira, gehienetan, liburuetako protagonistak bikote heterosexualez osatuak izaten dira, eta beraien artean dena polita eta ederra dela irudikatzen digute.
Baina haur horrek hori ikusiko ez balu, bisexuala izango litzateke? Jaiotzean pertsona oro gara bisexualak, dena dugu gustuko, baina inguruak heterosexualak izatera bultzatu edo behartzen gaitu.
Gaur egun homosexualitatea askoz ere normalizatuago dago gure gizartean, baina ez gara ohartzen beste leku batzuetan gertatzen denaz: homosexuala izatea debekaturik dago 70 herrialdetan eta horietako askotan kartzelara bidaltzen dituzte homosexualak.
Beraz, nik uste dut lan asko egin behar dugula homosexualitatearekin batera transexualitatea eta beste hainbat orientazio sexual normalak izan daitezen munduko pertsona guztiongan.
Horretarako, jakin behar duzue zuek eta ni ere bisexual jaio ginela, baina inguruak eta ikusitakoak heterosexual bihurtu gaituela.
Beraz, ez zaitezte homofoboak izan, ez zaitez homofoboa izan, ez naiz homofoboa izango eta guztiok batera ez gara homofoboak izango.
---------
Jurgi Iraola Arriaran
Arrasate