Aretoa ez da bete, baina giro berezia nabaritzen da. Argiak itzali dira eta isiltasuna da nagusi. Aktoreak hasi dira lanean. Mintzaldi motelak, baina tentsio handikoak. Poliki-poliki agertzen ari dira familia horren arazoak: ahizpa baten alkoholismoa, beste bat etxetik kanporatua ama ezkongabea izen zelako eta hirugarrena diruaren jabea. Laugarren pertsonaia bat ere azaltzen da: kaleratutako ahizparen alaba.
Ez dut komentatu behar historia nola garatzen den, baina gaurko errealitatearen ispilua dela bai: alkoholismoa, herentziaren arazoak, familiarteko harreman hipokritak...
Iraupena 75 minutu, baina oholtzan entzuten diren garrasiek, txirrinek, argi efektuek, doinuek… ikusleei bihotza ukabilean jartzen diete.
Zorionak Arrasateko Doke Taldeari! Seigarren lana taularatu du, eta, nire ustez, beste arlo batera joan da: dramara, hain zuzen. Bejondeizuela.
Aipamen berezia aktoreei: Mariasun Pagoaga –ikaragarri Mirenen paperean–, Arantxa Ezkurra –oso txukuna bere lana–, Dorita Murgia eta Maider Alzelai –biak bikain–. Baita Vene Herrero zuzendariari eta, nola ez, inbento honen buru den Jose Mari Velez de Mendizabal jaun eta lagunari. Aholku bat Doke Taldearen partaide guztioi: jarraitu horrela. Eskerrik asko!
----------
Jose Ignacio Isasmendi Zubillaga
Aretxabaleta