'Erabakitzeko prest'

Erabiltzailearen aurpegia Jasone Giraldo 2017ko mai. 20a, 00:00

Arrasateko GEDko batzordekideok ekainaren 10ean, Bilbon, izango den ekimenaren berri ematera gatoz, Erabakitzeko prest ekimenaren berri ematera.

2013an Gure Esku Dagoren aurkezpena egin genuen. 2014an, lehen galdeketak egin ziren Etxarri-Aranatzen eta Arrankudiagan. Urte berean, 150.000 lagunok giza katea osatu genuen erabakitzeko eskubidearen alde. 2015ean, Euskal Herriko estadioetan beste elementu bat gehitu genuen: hautetsontzia. Urte bereko udazkenean, Eskura prozesuan, oinarriak finkatu eta etorkizunerako bidea marraztu genuen. 2016an, galdeketen lehen olatua abiatu zen eta ostean, olatu horrek sortutako uhinak beste hainbat galdeketa olatu bihurtu ziren Euskal Herri osoan. Honek guztiak, 2016ko udazkenean, ibilbide berri bati eman zion bultzada: Prest prozesuari. Bide-orria zehaztu genuen, forma eman genion eta lan ildoaren ardatzak adostu genituen: ituna, herri galdeketak, mobilizazioak eta elkarlana.

Prest ibilbide-orrian onartutako ardatzetako bat Itun herritarra da. Erabakitzeko eskubidearen aldeko adostasunak sortu dira hainbat esparrutan. Adosgune horiek herrietako edota eskualdeetako galdeketen orube komuna osatzen ari dira, erabakitzeko eskubidearen aldeko tokiko adierazpenak bihurtuz. Forma eta eduki anitzeko adierazpen horiek guztiak erabakitzeko eskubidearen aldeko itun herritar batean bildu ditugu. Itun horrek GEDren filosofia jasotzen du. Beraz, hau da ekainaren 10ean, Bilbon, mobilizazio jendetsu baten laguntzaz, plazaratuko duguna: Itun herritarra.

Prest gaudelako, erabakitzeko eskubidearen aldeko Itun herritarra partekatu eta gizarteratu nahi dugulako, herritar guztiak Bilbon izango den ekimenean parte hartzera gonbidatzen ditugu eta denon artean gure erabakia galdera ikur erraldoi batez irudikatuko dugu.

Egun handi horri behar besteko oihartzuna emateko, eta motorrak berotzen joateko, maiatzaren 27an, Arrasaten, arrasatearron galdera ikurra irudikatuko dugu.

Denok gara beharrezko, denok dugu lekua eta zeresana prozesu honetan; horregatik, zatoz Bilbora eta zure ahotsa ere entzun dezatela: Erabakitzeko prest!

----------

Jasone Giraldo

Gure Esku Dago Arrasate

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak