Kasu horretan ere ez da etikoa energia mota hori erabiltzea; gure etxeko sarrerako argia segundo batez piztean, ondorengo belaunaldiei milaka urte iraungo duten hondakin erradioaktiboak lagatzen dizkiegu.
Arduratu beharko dute ondo gordetzen, Zaldibarren egin den kudeaketa baino hobeto; pentsatu, une batez, izango zituen ondorioekin, gu baino zoroago dauden eskuetan erori izan balitz eta Urkuluko urtegira bota izan balute zerbait.
Pentsatuko duzue horrelako hondakin arriskutsuak txukun lagako dizkiegula ondorengo belaunaldiei; bai, zera! Zati bat militarrek erabiltzen dute munizioa egiteko, tankeetako burdina erraz zulatzen dute eta.
Orain, pentsatuko duzue Irakeko gatazkan bakarrik erabili dutela; ba, ez, horrelako armak Europako tiro-praktika eremuetan probatu zituzten lehenago. Kontxo, Bardean ere tiro-praktika egiten dute, baina pentsatuko duzue Espainiako armadak ez duela horrelakorik egingo. Ondo dago jakitea beste nazio batzuetako armadek ere erabili dutela Bardea.
Nik horrenbeste pentsatu beharrik ez daukat: zentral nuklearrak dituzten argindar-enpresei ez diet elektrizitaterik erosiko.
----------
Josu Garitaonandia
Oparitu Zuhaitz Bat egitasmoaren arduraduna
Bergara