Dirudienez, baten batek ganoraz isuri zuen zianuroa, ibaiak ur asko zekarren sasoian halako barrabaskeria egiteko; antzerako kontua gertatu zen 2013ko Gabonetan, eta ez da ahaztu behar 2011n ahateak eta arrainak hilik agertu zirela Bergarako bazter guztietan, eta oraindik esaten dute ez dakitela zergatik hil ziren.
Teorian, okerrena udako hilabeteetan izaten da, baina, azkeneko bi hilketak ikusita, ibaiak ur asko eraman izan duenean gertatu dira; beraz, denok begiak zabalik, eta, Deba Ibaian zerbait arraroa sumatuz gero, 112 zenbakira deitu, ea denon artean lortzen dugun gaiztakeriaz isurtzen dabilen horri heltzea.
----------
Josu Garitaonandia
'Oparitu zuhaitz Bat' egitasmoaren arduraduna
Bergara