Okerren bat egin ote zuen? Dirudienez, 3.600 tona egur mugitu ziren itsasontzia okerrarazteraino, eta kontrolik gabe gelditu zen, nora ezean, Kantauri itsasoan.
Nik uste dut gertaera hori beste seinale bat gehiago dela, gaurko gizartea oker dabilela adierazten duena.
Arriskuak txikitzen ditugu, autoritateek esaten zuten ez zegoela arriskurik, nora ezean dabilen itsasontzi bat bere barnean 300 tona fuel eta 180 tona gasolio daramatzala, 3.600 tona egur zekartzan Afrikako Gabon herrialdetik.
Hemengo autoritateek denuntzia sartu dute egur hori legez kanpo ateratakoa ote den.
Badakigu munduan gero eta baso gutxiago daudela, eta, horren ondorioz, gero eta basamortu gehiago.
Ez dakigu legez kanpo zenbat zuhaitz kentzen duten; gizakien jarduera zoro hau planeta okertzen ari da eta ondorengo belaunaldien bizitzeko baldintzak okertzen ari gara.
Hildako egurrak itsasontzia okertu duen bezala, bizirik dagoen egurrak planeta hau zuzendu lezake, baina, horretarako, gero eta zuhaitz gehiago egon beharko luke.
----------
Josu Garitaonandia
(Oparitu Zuhaitz Bat egitasmoaren arduraduna)
Bergara