EAJ-PNV ibilbide demokratiko luzeko alderdia da, eta beti egon da eta egongo da herri katalanaren alde.
Kataluniarekin bat egin zuen Francoren diktaduraren aurkako borrokan; babes irmoa erakutsi zien katalanei Euskadi eta Katalunia nazio izateko eskubide historikoak berreskuratzeko borrokan, eta, halaber, katalanen alboan egon zen ETAk Hipercorren eta Vich-en aurka atentatu zuenean. Baita ETAk Ernest Lluch hil zuenean ere.
Ezker Abertzalea, ordea –hainbat sigla erabilita: HB, Sortu, Ernai…– ez zen egon, ez Kataluniarekin, ez katalanekin 50 atentatu –ETAk egindakoak– baino gehiago sufritu behar izan zituzten garaian. Hala ere, EAJ-PNVk ez du inoiz erabili argudiatze hori Ezker Abertzalearen kontrako pintadak eta kartelak egiteko eta jartzeko; ezta akusatzeko ere esanez gertakari horien konplizea dela.
Azken 40 urteetan, Ezker Abertzalearen estrategia eta ekintzak bestelakoak izan dira, eta, gure iritzian, orain ez dago legitimatuta, inola ere, inori zer egin behar duen esateko; ez horixe! Ezta bere burua herri katalanaren aldeko defendatzaile bakar moduan aurkezteko moduan ere, beraiek soilik izango balira bezala gaur egun Katalunia babesten duten bakarrak.
Ez gaituzte isilduko EAJ-PNVko alderdikideok. Ez gaituzte diskurtso eta akusazio faltsupean kikilduko, ezta nahastuko ere; izan ere, benetako historia ekintzen bidez frogatzen eta idazten da. Ez da pintada edo irain bidez idazten; are gutxiago, indarkeriaren bidez.
----------
Javier Galarza
Oñatiko EAJ-PNVren lehendakaria
Oñati