Gimnasio mentala

Erabiltzailearen aurpegia Jon Etxeberria

Adimen artifiziala sekulako abiaduran ari da garatzen, eta horrek, lilura ez ezik, kezka ere sortzen du.

Erronka handi ugari ditu aurrean, baina nik, bereziki, bi nabarmenduko nituzke: teknologia bera kontrolpean mantentzea eta guk geuk pentsatzeko gaitasuna ez galtzea.

Bigarren erronka horretan jarri nahi dut arreta. Adimen artifizialak gure ahalmenak handitzeko aukera ematen digu: txostenak prestatzen, informazioa sintetizatzen, kodea sortzen eta analisi teknikoak egiten laguntzen digu, prozesuak hobetzeko eta azkartzeko. Horrela, denbora gehiago eskain diezaiekegu balio erantsi gehien sortzen duten jarduerei: bezeroak hobeto ulertzeari, estrategia diseinatzeari, sormena lantzeari eta erabaki hobeak hartzeari.

Batzuetan, ordea, garrantzitsuena ez da emaitza bera, baizik eta emaitza horretara iristeko egiten dugun bidea. Eta bide hori gure ordez teknologiak egiten badu, bidean lortzen ditugun onura asko galtzeko arriskua dugu. Ikastean, adibidez, ez dugu emaitzetatik bakarrik ikasten; ahaleginetik, akatsetatik eta prozesu osoan egiten dugun lanetik ikasketa handiak ateratzen ditugu. Horiexek garatzen ditu gure gaitasunak, neurri handi batean. Gure gorputzarekin gertatzen den bezala, garuna ere erabiltzen ez bada atrofiatu egiten da. Gero eta gutxiago irakurtzen badugu, gutxiago idazten badugu, gutxiago pentsatzen badugu eta arazo gutxiago konpontzen baditugu, pixkanaka gaitasun horiek ahuldu egingo dira. Ezin diogu errealitateari bizkarra eman, eta, eguneroko jarduera askotan garuna lehen bezainbeste erabili beharko ez badugu ere, beste erronka batzuetan jarri beharko dugu lanean. Horrela, gimnasio fisikoekin egiten dugun bezala, agian gimnasio mentalak ere beharko ditugu, memoria, arreta, sormena eta pentsamendu kritikoa sasoi onean mantentzeko.

Izan ere, etorkizuneko galdera ez da bakarrik noraino iritsiko diren adimen artifizialaren gaitasunak, baizik eta zer egin behar dugun gure ergelkeria neurri berean ez hazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak