"Nire aitona-amonek alsazieraz (elsässisch) hitz egiten zuten, eta nire gurasoek ulertzen zuten arren, nik ez dut hitzik egiten ezta ulertzen ere". Harrituta gelditu nintzen: nola liteke belaunaldiz belaunaldi transmititutako hizkuntza bat, familia barruan sustraitua, seme-alabengana ez iristea? Ez al zitzaion egoera hura kezkagarria edo tristea iruditzen? Ezta gutxiago ere: egoera guztiz normala zela pentsatzen zuen. Haren iritziz, alsaziera hizkuntza zaharkitu bat zen, eta egunerokoan, frantsesa askoz ere erabilgarriagoa zen eskolan, lanean edo gizarte harremanetan.
Alsazieraren azken hamarkadetako bilakaerari erreparatuz gero, agerian geratzen da lagun hark kontatutakoa ez zela salbuespen bat, baizik eta lurralde osoan zabaldutako joera baten adierazlea. Izan ere, 1946an alsaziarren %90 inguruk alsaziaera ezagutzen bazuen ere, 2012an kopurua erdira jaitsi zen, %43ra. Are gehiago, datuak adinaren arabera aztertuz gero, hondamendia nabarmenagoa da oraindik: 2012an 60 urtetik gorakoen artean alsaziera %74k ezagutzen zuen bitartean, 17 urtetik beherakoen artean %3ra jaisten zen; hau da, ia desagertua zegoen gazteen artean.
Zorionez, euskararen egoera desberdina da. Pertsona eta erakunde askoren lanari esker, azken hamarkadetan ezagutzak gora egin du, eta, gainera, gazteen artean ezagutza nagusien artean baino altuagoa da. Hala ere, erronkaz beteriko bidea dugu aurretik. Testuingurua konplexua eta aldakorra da, eta erdaren presioa, gero eta handiagoa. Azken urteetako neurri eta estrategiak eraginkortasuna galtzen ari dira, eta berriz ere, iraganean bezala, berritzaileak izan beharko dugu euskararendako bide berriak zabaltzeko; azken finean, euskararen etorkizuna gure esku dagoelako.