Zaldibar

Erabiltzailearen aurpegia Jon Etxeberria 2020ko ots. 21a, 00:00

Zaldibarko ezbeharrak, bi pertsonaren desagerpena eragiteaz gain, EAEko hondakinen kudeaketa sistema osoa zalantzan jarri du.

Ardura eta haserre handia sortu du inguruko herrietan –bereziki, Eibarren, Ermuan eta Elgetan– eta lehen mailako garrantzia hartu du politika mailan ere.

Agerian gelditu da hondakinen kudeaketa gure herriko arazo larri bat dela gaur egun.

Hondakin kantitate itzelak sortzen ditugu, horietako asko arriskutsuak, gainera, eta zabortegiak gainezka daude. Zaldibarren ikusitakoak argi uzten du zabortegietan ezarritako kontrolak ez direla nahikoak eta sistemak gabezia nabarmenak dituela. Inork ez daki oraindik ze hondakin mota dauden pilatuta zabortegian, zergatik erori ziren hondakinak errepidera, eta ezbeharraren ondorengo kudeaketa ere gabeziaz josia egon da.

Ezbehar honek nabarian utzi duen bezala, arazoa ez da bakarrik ingurugiroan egiten ari garen kaltea, baizik eta ondorio zuzenak ditu gure osasunean ere.

Hala ere, EAEko hamazazpi zabortegien artean gehienak ekimen pribatuaren bidez kudeatzen dira: hondakinen kudeaketa gutxi batzuen negozio bihurtuta, baina arazorik sortuz gero, kaltea guztiok jasango dugu eta faktura guztion artean ordainduko dugu.

Gertaera honek zalantza asko sortzen ditu: nola daiteke 2020. urtean horrelako kudeaketa eskasa izatea hondakinen inguruan, bere burua aurreratutzat duen gurea bezalako herrialde batean? Gai honen inguruko araudi eta legeak ez al dira nahikoa zorrotzak edo ez al ditugu betetzen?

Gardentasuna eta informazioa nahitaezkoak dira sortutako zalantza guztiak argitzeko, eta baita maila guztietan egon daitezkeen ardura guztiak zuritzea.

Kaltetu guztiei eta, bereziki, desagertuen senitartekoei, babes osoa zor diegu eta gizarte moduan hausnarketa sakona egin beharra daukagu hondakinen kudeaketa sistema guztia berrikusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak