Makinen erreinua

Erabiltzailearen aurpegia Jon Etxeberria 2018ko uzt. 20a, 07:41

Homo deus (Debate), Yuval Noah Arariren azken liburua, bazterrak astintzen ari da mundu osoan.

Etorkizuna nolakoa izango den asmatzen saiatzen da idazle israeldarra, eta, horretarako, giza espeziaren historian eta gaur egungo aurrerapen teknologikoetan oinarritzen da. Dioskunez, makinak izango dira munduaren jaun da jabe etorkizun hurbilean, adimen artifizialari esker. Makinei boterea emango dien elementu nagusia datuak izango dira (big data), eta, datu nahikoekin elikatuz gero, makinak erabaki zailenak hartzeko eta mota guztietako aurreikuspenak egiteko gai izango dira. Gaur egun hasiak gara etorkizun horren lehen aztarnak antzematen: bakarrik gidatzen duten kotxeak, giza hizkuntza ulertzeko edo aurpegiak ezagutzeko gai diren makinak... Marketin arloan ere, gero eta gehiago, enpresak kontsumitzaileen portaerak aurreikusteko gai dira (Consumer Analytics) eta lan munduan beraien langileenak ere bai (People Analytics).

Noah Ararik diosku etorkizunean makinak gaur egungo lanpostu gehienak ordezkatzeko gai izango direla: gidari, abokatu, mediku, eta abar. Ez hori bakarrik, geure buruari buruzko datu nahikoa ematen badiegu, guk geuk baino hobeto ezagutuko dute makinek geure burua: nolakoak garen, zeintzuk diren gure gustuak, gure beharrak, gure sentimenduak, gure sendotasun eta ahultasunak… Horrela izanik, gaur egun gidatzerakoan inongo zalantzarik gabe GPSaren eskuetan jartzen garen moduan, etorkizunean gure erabaki garrantzitsuenak makinen eskuetan utziko ditugula esaten digu: ze ikasketa egin, ze lanpostu aukeratu, nori botoa eman… eta baita gure bikotekidearen aukeraketa ere! Agian, urrunegi joan da idazlea bere aurreikuspenekin, baina momentu ona izan daiteke hausnarketarako: konturatzen al zarete zenbat datu ematen dizkiegun Google moduko enpresei eta ba al dakigu zertarako erabili nahi dituzten?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak