Kataluniako atea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Etxeberria 2017ko ira. 29a, 00:00

Kataluniako prozesua oso gertutik bizitzeko aukera izan dut, nire familiaren eta lagun kataluniarren bitartez. Beraiek prozesuan zehar beste kataluniar askok bizitako transformazioaren adibide bat besterik ez da.

Katalanista eta nazionalista sentitu arren nagusiki, inor gutxik aitortzen zuen bere burua independentista moduan nire familiaren eta lagunen artean prozesua hasi aurretik. 

Baina 2010etik hona, beraien egonezina eta haserrea nabarmen handitzen joan dira, Estatuak ematen dien tratu ekonomikoarengatik eta beraien nortasun katalana errespetatzen ez dela sentitzen dutelako. 

2012. urtera arte, Madrilekin akordio justuago baten bidez egoera hobetu zitekeela uste zuten, baina, Rajoyren ezetz borobilaren ondoren, argi gelditu zitzaien independentismoa zela geratzen zitzaien bide bakarra. 

Orduz geroztik, beraien babesa eman diote independentismoari, bai hauteskundeetan, eta bai mobilizazio independentista desberdinetan. 

Ez ziren bakarrak: Katalunia osoan, 2012.   urtean independentismoari babesa %50 handitu zen eta lehenengo aldiz %40ko muga gainditu zuen. 

Igandeko erreferendumean badakite ezingo dutela normaltasunez bozkatu eta emaitzak ez duela balio  praktikorik izango. 

Baina badakite ere Madrilek ezingo duela mugimendu independentista gelditu debekuz eta atxiloketaz. 

Prozesua berriz ere blokeo egoeran sartuko dela uste dute, eta, aurreko bi blokeo nagusietan gertatu izan den bezala –2012an Paktu Fiskala baztertu zenean eta 2014ko kontsultaren ondoren–, hauteskunde berriak deituko dituztela. 

Baina, guztiaren gainetik, sentsazio berezi bat dute beraien barruan: ate bat zabaldu da eta hemendik aurrera ezer ez da berdina izango Kataluniarendako. 

Eta gu, bertan, Katalunian, izango gara igandean familiarekin eta lagunekin, momentu garrantzitsu hauek beraiekin bizitzeko eta gure maitasuna emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak