Antzuolako Udalari eskerrak

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Maria Mata 2022ko uzt. 23a, 00:00

Antzuolako Udalari eta eskolari gure esker ona adierazi nahi diegu, aurten ere NIGANeko ekintzek aurrera egitea ahalbidetzeagatik eta urte osoan emandako babes eta laguntzagatik ondoren aipatuko ditugun ekintzetan.

Honi guztiari esker, 6. mailako eta DBH-1eko neska-mutilen lana garatzea posible izan zaigu, helduekin bi tailer emankor egin ditugu eta eskolako irakasleekin beste tailer bat egin dugu.

-Oso pozik gaude 6. mailako gazteekin bi astean behin egindako ekintzen jarraipenarekin, urritik apirilera. Zenbait saiotan Antzuolako kinta horretako gehienek parte hartu zuten, eta ekimen hau ezagutu. 

-DBH-1eko mailakoekin hiru tailer egin ditugu; formatu desberdina erabili dugu, tailerrak igande arratsaldeetan egin ditugu, agendek ez zutelako ahalbidetzen astean zehar egitea, eta pozik gaude! 45 gazte inguru ibili dira formakuntza eta dinamika hau jasotzen.

-Helduekin bi tailer mota egin ditugu: barnekotasunerako hastapenetan, hilean behin elkartzen egon gara eta, batez beste, hogei lagun etorri dira; eta beste tailer batean, ostiraletan, hiru astean behin, 40 pertsona inguru egon dira. 60 helduk jaso dute formakuntza hau.

Harritzeko eta zoriontzeko moduan gaudela uste dugu; izan ere, Antzuola herri txikia izanik, hainbeste aipatzen den osasun mentala-ren arloan pertsona askok interesa erakutsi eta aktiboki parte hartu du.

Gauzak horrela, bi ondorio atera ditugu: alde batetik, jorratutako gaia zeinen beharrezko eta garrantzitsua den; eta bestetik, gure herriari buruz oso ongi hitz egiten duen sintoma bat dela interpretatzen dugu, erakutsitako parte hartzea, herritarron ausardia, malgutasuna eta konpromisoa bikaina izan direlako. 

Horrenbestez, honek guztionek hurrengo kurtsoan ere lanean jarraitzera animatzen gaitu eta beste ekimen batzuk martxan jartzeko prest gaude. 

Hasi garen bezala amaituko dugu gutuna: eskerrik beroenak Udaletik eta eskolatik jaso dugun harrera eta inplikazioagatik; bereziki, Mikel Bargielari, Bernardori eta eskolako zuzendaritzakoei.

----------

Jesus Maria Mata eta Amaia Etxaniz Apaolatza

NIGANeko sustatzaileak

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak