Lankideak agurtu, despedida bazkaritxo bat akaso… eta "ikusiko gare, ondo pasau" batekin denok pozik oporretara! Ilusioz josita goaz herritik kanpo, urtebetez itxaroten egon garen horren bila.
Mendia, hondartza, ezagutzen ez ditugun hiriak, lurraldeak esploratu... familiarekin, lagunarekin, lagunekin, bakardadean… disfrutatzeko, dibertitzeko, edo ezertxo ere ez egiteko, deskantsatzeko ematen ditugu udako opor egunak. Aukera zabala da.
Tamalez, gozamenak ez du askorik irauten, konturatu orduko berriz ere bueltan, betiko jendea, herria, lana, lankideak, etxeko lanak, betikoa, errutina! Ondorioz, gogo txarra eta tristura. Hainbeste desiotako egunak bat-batean joan zaizkigu, tentu handiz planifikatutako oporrak agortu dira… eta orain zer?
Ez da bidezkoa 365 egun 20 egun ziztrinetan kontzentratzea. Oporrak ez ditugun egunez ere disfrutatzen ikasi beharra dugu. Egunerokotasuna pasio eta ilusioz janztea ez da lan makala, baina ahaleginak merezi du. Gauza txikiei erreparatu, eta handi bihurtu. Momentu ezin hobea da zeregin berriak hasi eta erronka berriak planteatzeko. Hauek betetzeko gogoa eta kemena bilatu behar dugu. Topa dezagun ilusioa bueltatuko digun hori bilatzen, gauza txikietan baitago gakoa. Norberak izanen du beti egin nahi izan duen hori betetzeko ametsa, edozer izan daiteke, kirola egitea, ondokoari laguntzea, ekintzaren bat burutzea, proiekturen bat garatzea… gure esku dago, baina konpromisoa hartu beharra dago, horrek emango baitigu bizipozaren grina.
Jakin badakit hitzez idaztea hain erraza denak bere konplexutasuna duela, baina ez didazue ukatuko errazena dela atzera begiratu eta momentuan ez dugun hori faltan botatzea eta gaur dugunaz kexatzea. Ahalegina egitera animatzen zaituztet, nik ere horretan emango dut denbora.
Badago bizitza abuztutik aurrera! Animo, eta gogotsu ekin!