11 urte pasa dira osintxuar talde honek, herrian nabari zuen hutsune bati erantzuteko asmoz, Musiraka dantza taldea sortu zuenetik. Euskal dantzak oinarri hartuta, bestelako erritmoekin fusionatuz, makina bat plaza eta eszenatoki bete dituzte. Beti laguntzeko prest, edozein ekitalditan parte hartzeko gertu, trukean ezer eskatu gabe.
Izugarrizko ikuskizun batekin agurtu ziren urte hauetan guztietan euren alboan izan diren zale guztiez, Orkestrako ganbera taldeko musikari eta Uxue Agirre poetarekin batera. Pilotalekua txiki geratu zen osintxuarrei merezitako agurra emateko. Pozak eta tristurak elkarri eskua emanda, ordubete pasako bidaia magiko batera eraman gintuzten. Betiko iraungo du guztion bihotzetan azken emanaldi hark. Jendea zutik, txaloka, sentimenduz, azken agurra ematen.
Eskerrak eman Amaia, Manex, Nekane, Garazi, Kristina, Elene, Nerea, Ane, Aintzane, Enya eta urte hauetan Musirakako partaide izan zaretenoi. Eskerrik asko kulturaren, Bergararen eta herrigintzaren alde egindako lanagatik. Herriko kulturak asko galtzen du zuen agurrarekin.
Egun batez, guztiok sentitu ginen osintxuar. Harro egon zaitezkete urte hauetan egindakoaz, pilotalekua bete genuenon admirazioak betiko iraungo du.
Zuen olerki hau bueltan eskaini nahi dizuegu:
Bizi izan degun dena
oroitzapen bihurtzean
triste baina ilusioz
bukaera ematean.
Berriz elkartuko gera
beste bideren batean
eskerrik asko Musiraka
ondo bizi bitartean
Zorionak eta mila esker 11 urte hauetan egindako lanagatik.
Besarkada bero bat taldekide guztioi.
----------
Josu Elorza eta Leire Iruin
Bergara