Sasoi bakoitzak berea baitu, otsailean baino, nahiago uztailean hondartzan ibiltzea, ezta? Aukera paregabea estalpeko ekintzez gozatzeko.
DSS2016 kultur hiriburutza bertan dugu. Proiektua babestu arren, ez pentsa, orain arte kultur mugimendurik egon ez denaren sentsazioak nahastuta nauka… Pozten naiz, behintzat, jendearen ilusioa piztu eta kulturari merezi duen lekua emateko balio izanaz. Bergara, zorionez, 2013an, 2014an, 2015ean… eta 2017an, 2018an kultura hiriburu izango da. Izendapen instituzionalik behar gabe, daukagun kultur potentzialaz harro egoteko moduan gaude. Zer esan La Traviata bergararraren arrakastaz, Bandaren eta Orkestraren The Love boat ikuskizunaz, edota Bergarako Orfeoiaren eta Candem Town dantza akademiaren Adiemus Colores kontzertuaz. Azken hilabeteko hiru adibide besterik ez dira.
Zoritxarrez, aurtengo aurrekontuetan ere, kulturak ez du merezi duen partida izango; jaitsi egin baita, norbaitek kontrakoa aurreratu bazuen ere! Seminarioko auditorioa belaxe amaitzea eta ikuskizun handietarako areto baten proiektua beharrezko ditugu. Pilotalekua pilotan jolasteko baita, ditugun artisten mailako aretoa merezi dugu.
Altxor handia dugu, zaindu dezagun gure kultura!