Teknologia eta gizakia ez dira sekula gai izango itsasoak duen indarrari gailentzeko, berea dena defendatzeko borrokari aurre egiteko. Donostiako paseo berria, Ondarreta, Zarautzeko malekoia edota Bermeoko portua, nork imajina noizbait horrelakorik ikustea.
Bi alderen arteko akordioa arazo orori amaiera emateko ezinbesteko baldintza da. Zaila ikusten dut urteetan berea dena nola kentzen zitzaion ikusi duenak bakarrik pausoak eman behar izana, beste aldeak zain, ezer egin gabe itxaroten duen artean. Zoritxarrez, oso gertuko arazo dugu. Gatazka orok du zerbait komunean, bi alderen arteko akordio beharra.
Poztasunerako gaiei helduz, zalaparta latza sortu duen bilketa sistema berria, zorionez, normaltasun osoz abian da herrian. Berrikuntza orok bezala, denbora eta pazientzia eskatzen ditu, pentsa, ibaitik edukiontzietara pasatzea kostatu zitzaiguna.
Inauteriak ere gainean ditugu; aurten, herritarrentzat hain kutuna zen Novedades izango dugularik gogoan ikuskizun handi batekin.
Gure baitan datza eguzkia, iluna eta izotza, urratu dezakeen argia, urtuko duen bihotza.