Iraganean geldirik, etorkizunera salto egin ezinik. Albistegiak ikusi eta egunkariak irakurtzeko afizioa ere badut, munduan gertatzen ari denaz jakitun izateko balio omen dute eta. Baina askotan galdetzen diot nire buruari ea albiste hori ez nuen atzo jaso.
Egiaztatu dut albiste berak plazaratzen dizkigutela egunero komunikabideek eta soilik nork irudi gogorragoak erakutsi borrokatzen direla, morbo handiagoa sortzeko lehian. Aspertu egiten nau gauza berdinak entzuteak. Zerbait aurkitu beharra daukagu, ezin baikara beti berari bueltaka geratu.
Badira urte batzuk bestelako errealitate batera bidaiatzeko musikak duen indarraz ohartarazi nintzela. 5 lerrotan idatzitako erritmo eta doinu ezberdineko musikak negarra eragiten digu, indarra eman une gogorretan, emozionatu, maite ditugunak gogora ekarri, saltoka dantzan hastera bultzatu, oihuka abestu edota loak hartzeraino eraman.
Musikak indar handia du gizakiongan. Gure sentimenduak egokien kontrolatzen dituen makina akaso, desberdintasunik egiten ez duena, denon eskura aurkitzen dena, musika denok garelako. Ziur nago, beti izango dela kantu berririk entzuteko, edo nahi izan ez gero, bueltak eman berari.