Ez nuen uste herrian eta inguruetan hain maitatua eta estimatua nintzenik. Izan ere, nik, gehienok bezala, akatsak, gabeziak eta faltak baititut, eta ez gutxi. Ondotxo konturatzen naiz. Ez dut horiek aitortzeko eragozpenik eta norbaiti kalte egin badiot barkamena eskatzeko. Baina horiek alde batera lagata, nire alderdirik onenak hartu dituzue kontuan. Ezin dizuet egoki adierazi zer-nolako poza barneratu didazuen zuek, antolatzaileok eta, aldez edo moldez, omenaldian parte hartu duzuen guztiok. Itxura batean, karga bat izan da niretzat, baina zama arin eta atsegina. Ni apur bat gazteago sentitzea lortu duzue.
Beraz, denoi eskerrik beroenak ematea besterik ez zait gelditzen. Ez noa izenik aipatzera, zerrenda luzeegia osatuko lukeelako eta hartarako orrialde osoa beharko nuke eta. Guztiok zaituztet gogoan: senide, adiskide, herritar, elkarte, erakunde, komunikabide eta bestelakoak, Oñatikoak, Debagoienekoak eta Euskal Herrikoak. Besarkada estu bat den-denoi eta mila-mila esker!
----------
Jerardo Elortza
Oñati